Liburu bat eskuetan hartzean hasten da dena: paperaren usaina, orrien ukimena eta soinua. Liburu bakoitza baita zentzumenen bidaia bat.
Ttarttalon maite dugu bidaia hori Txanogorritxorekin abiatzea, eta otsoarekin ere bai. Liburu batean murgiltzea nahi dugun kolore eta neurritako unibertsoak imajinatzea baita, eta haietan orduak eta orduak ematea.
Horregatik gozatzen ditugu goxotasuna darien ipuinak, hain leunak ez direnak bezainbeste; jolastekoak, ikastekoak bezainbeste. Liburuak galdera berrien eta ezagutzaren iturri direlako; gure pozen eta minen mapa.
Edozein tokitan gaudela ere, liburuek ahalmena dute munduari gure belarriei goxoena zaien hizkuntzatik begiratzeko. Eta guk zenbat maite dugun gure haurrak euskaraz limurtzea, izutzea, dibertitzea, ahalduntzea, piztea, elikatzea, hunkitzea, irakurzaletzea… Bestela ikusi ezingo genituzkeenak erakusteko aritzen gara itzulinguruka, itzulian-itzulian. Euskarak mundu horiek guztiak ere izan ditzan.
Liburu bat eskuetan hartzean hasten baita dena: edonora eramango gaituen lainora igotzen garenean, begiak eta hegoak zabalik.